XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nola lortu horrelako esplikazio-esakune unibertsalak? Zientzialariak aztertu dituen kasu guztietarako proposatzen du azalpena, behatu ezinik geratu eta seguru asko geratuko zaizkion antzeko kasuetara ere zabalduz.

Ezingo garenez ikertzen ari garen errealitate-alorreko fenomeno guzti-guztiez ohartu zeren esateaz batera xeda edo muga genezakeen kasuen multzoa dagoeneko aldatu baita, geure ondorioak orokortu beharrean aurkitzen gara.

Eguneroko bizitzan hain baliogarri gertatzen zaigun orokorpenaren trikimailu hau alemaniarrek garagardoa besterik ez dute edaten edo ez dut uste hori pertsona serioa denik... daraman janzkera horrekin... bezalako orokorpenak jaulkitzera bultzatzen gaituena, zientzi prozeduran ere erabiltzen da, jakina, ahalik eta kontrol eta zehaztasun gehienez eginik.

Hauxe al da espainiar kultura?

Zenbait kasu partikular aztertzetik baiezpen unibertsala egitera garamatzan prozesu horri indukzioa deritzo.

Ondo bereiz dezagun dedukziotik: dedukzioan egia orokorretatik baiezpen partikularretara jaisten gara; indukzioan, aldiz, ibilbidea aurkakoa da, hots, esperientziak luzatutako banakako datuetatik, enuntziatu orokorretara igotzen gara.

Eta horrela igotzeak ba al du justifikabiderik? Logikari zorrotzek arrazoiz esan lezakete giza pentsamenak ez gaituela halako jauzia egiteko prestatu, ez baitago inolako lotura logikorik A batzuk honegatik gertatzen dira delako esakunetik A guztiak honegatik gertatzen dira esaldira jauzi egitean.

Zientziaren teoriaren ikertzaile guztiek, goiz edo berandu, ekin behar izan diote arazo honi; batetik, indukzioak zientziari elkaltzen zaizkion zuhurtasun, ardura eta zorroztasuna hausten ditu, banakako kasuetan somatutakoa klase bateko indibiduo guzti-guztiei zabaltzera lehiatzen delako; bestetik, indukzioa da giza ezagumenak eskura duen baliabide bakarra zientziaren aurrerabideari laguntzeko, sekula ez baikeneukake multzo bateko fenomeno guzti-guztiak behatzerik.

Baina zientzi zeregina ez da indukzioara mugatzen: zientzi jardunbidearen lehenengo urratsa da, zeharo garrantzitsua gainera, baina ondokoan aditzera emango dugun bezalaxe, zientzi egitasmoaren geroko faseek indukzioaren balioa bermatzen dute.

Metodo hipotetiko-deduktiboaren urratsak

Zientzia esperimentalen alorrean dedukzioa ere erabiltzen da.

Zientzi metodoa osagai bi horien konbinazioa da, hots, esperientziarako joera indukzioa, batetik, eta asmatutako hipotesietatik ondorioak ateratzea dedukzioa, bestetik.

Bereiz ditzagun prozesu horretako urratsak:

Gertakarien behaketa

Zientzi eginkizunaren abiapuntua den bezainbatean, arazotsuak iruditzen zaizkigun gertakariez jabetzen gara.

Arazotsuak, diogu, eskura ditugun esplikaziozko baliabide teorikoen bitartez ezin izan baitiegu orain arte taxuzko zergatirik proposatu.

Zertutako behaketak informaziorik zehatzenaz hornitutako esakuneetan formulatu behar dira; haietan, zientzi teoria eta esperientzia uztartzen dituzten fenomenoen arteko erlazio eta loturak jasoko dira.

Hipotesien asmakuntza

Zientzi jardunari benetako hasiera ematen dion urrats honetan, behatutako gertakarietarako zergatizko esplikazioak proposatzen dituzten formulazioak asmatzen dira, hots, hipotesiak; halako esplikazio-entseiuak behin-behinean onartzen dira, haietatik sortzen diren ondorioak balioetsi arte.

Zientzialariak makina bat datu behar du kontuan hartu.